|
| Juan Jose Ibarretxe Lehendakaria Bruselan egindako ekitaldian (J.B.) |
Juan Jose Ibarretxe Lehendakariak Europako erakundeek Euskadiko bake-prozesuari emandako babesa eskertu du Bruselan.
Orain 20 urte zabaldu zuten EAEko bulegoa Belgikako hiriburuan eta urtemuga hori baliatuta, hitzaldia egin du Lehendakariak Bruselako udaletxearen aurrean.
Europar Batasunak ondo ulertu du, Ibarretxeren esanetan, Euskal Herriko bake-prozesua ez dela "mus partida". Adierazi duenez, "bake-prozesua ez da mus partida non egun batean eta bestean enbidoak eta ordagoak agertzen diren, batzuetan indarkeriazkoak, beste batzuetan, karta formarekin: armen lapurreta edo kale borroka, esaterako".
Lehendakariak "pozez" hartu du Europar Batasuneko erakundeek, parlamentuak kasu, prozesuari emandako babesa.
Bakea lor daiteke
Haren hitzetan, espetxe-politika ezartzeko orduan ere "ezin da ajedrez partida" oinarri hartu. Horrenbestez, bakebidean "baikortasunez" aritzeko deia egin du: "Baikortasunez jardun behar dugu, ezinbestekoa da prozesu honetan eta ni behintzat, baikorra naiz", azpimarratu du.
"Euskal gizartea nahasteko asmoa dagoela dirudi batzutan baina nik mezu argia eman nahi dut: Euskadin bakea posible dela uste duen gizarte baten ordezkari naiz hemen; bakea posible da eta lortuko dugu", esan du Ibarretxek.
Lehendakariaz gain, Jose Antonio Ardanza Lehendakari ohia, Javier Balza Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburua, Josu Ortuondo EAJko eurodiputatua eta Joaquin Almunia Ekonomia gaietarako Europako komisarioa izan dira ekitaldian, betiere Belgikan dauden euskaldunen babesa zutela.
|